3. Familiei laguntzeko politika publikoak. Txosten honen ikuspegia eta azterlana
Familiei laguntzeko politika, gutxi gorabehera, gizarte-izaerako politika publikoen katalogoaren barruan kontzeptu berria da. Joan den mendearen amaierara arte (estatu-mailan behintzat) ez zen termino hori modu askean erabiltzen. Horretarako arrazoia da neurri handiagoan edo txikiagoan (herrialde bakoitzeko ongizate-ereduaren araubide orokorraren arabera) familia antolamendu-sistema pribatu edo banakakotzat jo izana (bertan estatuak zama handia zuen).
Argi dago eta Europako azterketaren kapituluan ikusiko da egoera herrialdeen arabera oso desberdina dela eta eremu mediterraneoko herrialdeek familia gehiago lotu dutela eremu pribatura eta herrialde nordikoek edo Europa erdialdekoak, berriz, ez horrenbeste. Horren adibide dira herrialde horietako lehen erreferentziak 1940. urtekoak baino lehenagokoak direla (adibidez, 1939ko Suediako Alva Myrdal-ekoak). Espainian, aldiz, ikuspegi hori ez da agerian jarri modu nabarmenean joan den mendeko 80ko hamarkadara arte.
Flaquerrek dioenez (2000), familia-politikei buruz hitz egiteak “espazio pribatua kontu publikoen eraginik gabe utz dadila dioen kontzeptua haustea” dakar eta “herritar guztiak barne hartuko dituen gai komuntzat jotzea, politika publikoak egin eta aplikatuz erantzuna” emanez. Izan ere, Esping-Andersenek (2013) aipatu duenez, politika horiek garrantzi handia dute ongizate-sistemaren etorkizuneko iraunkortasunean eta, beraz, ezin dira “kontu pribatutzat” jo.
Baina, gure ustez, zer dira familia-politikak? Oinarri gisa Flaquerren definizioa (2000) erabiliko du. Horren arabera: “familia-erantzukizunak dituzten pertsonei baliabideak emateko herri-administrazioek bideratzen dituzten esku-hartzeak, baldintza hobeagoetan horiek burutu ditzaten”. Hala, “familia-unitateetako premiei erantzuna emango zaie”.
Dena den, definizio horiek ikuspegi erredukzionista dute Fantovak (2004) antzeman eta argi definitzen duen egoeraren aurrean. Aipatu ikuspegia bakarrik hartuko balitz aintzat, “familia bere horretan kontuan hartzen duen politika publikotzat joko genuke familia-politika”, familiari hertsiki lotuta ez dauden beste egoerak egon arren eta familia-esparruan eragina izan badute ere. Hori bai, ezin dugu gehitu egile honek dioen moduan “familia-politikaren eduki edo objektu zuzen gisa familiei eragiten dien guztia; hala eginez gero, politika publiko hori familia-politika dela pentsatuko baikenu”.
Beraz, lehen aipatutako hiru ikuspegiak kontuan hartuta, txosten honen bidez argitu nahi da zer ulertuko den familiei laguntzeko politikatzat eta zer ez den aintzat hartuko ikerketa honen esparruan.
Zenbait egilek familiei laguntzeko politiken inguruan egiten dituzten kontzeptualizazioak aintzat hartuta, txosten honetan ez dira bakarrik familiei zuzenean lotutako politikak jorratu, familia-esparruan eragin handia duten horiek ere jorratuko dira. Hala, Donati (2013) bezalako egileek orientazio horretan kokatuko lituzkete “familia-politika zuzen edo zeharkakoei” buruz hitz egiterakoan edo Fantovak (2004) politika publiko osagarri horiek “familien bizitzan eragin handiko zerbitzuak” edo “familiei laguntzeko politika edo zerbitzuak” bezala defini daitezkeela ezartzen duenean.
Hortaz, azterlan honen ikuspegiak familietan eragin handia duten politika-multzo zabal batekin egingo du lan, zuzenak eta zeharkakoak, edo Fantovak (2004) definitzen dituen moduan, alde batetik “familia-politikak” (familiari hertsiki eta zuzenean aplikatzen zaizkionak, adibidez, zergak, prestazio ekonomikoak, gauzazkoak, etab.) eta, bestetik, “familia-eragin handiko politiken eraztun zabala, gutxi gorabehera” (etxebizitzari, garraioari, etab. lotutako politikekin)1.
(1. grafikoa) . Txostenaren ikuspegia familiaren arloan
Iturria: guk egina (2013).
Horiek guztiek familiei baliabideak ematen dizkiete funtzioak ahal den ondoen burutzeko eta horien behar bezalako artikulazio konjugatua bakarrik izango da benetan erabilgarria gure gizartea osatzen duten familia-motetan.
Zabaldutako ikuspegiaren esparru hori hautatzea ez da kasualitate bat, kontuan hartuta lehen aipatutako zenbait aldagairen azterketak bakarrik emango digula aukera familiei laguntzeko eredu batean edo bestean izandako ondorioak edo eraginak ikusteko, baita horien baitan dauden azken xedeak ulertzeko ere.
Ikuspegia zabaltzea garrantzitsua da familiaren arloko babes publikoen egoera guztiz ulertzeko. Izan ere, herri-administrazioaren esku-hartzeak, jakina denez, ez dira neutralak eta familiaren arloko jarduera publiko orok –beste edozein arlotan bezala– gizartean eta familia-eredu zehatzetan eragin zehatz bat izango du. Gauzak horrela, eta Schulteisek (1998) hausnartzen duen moduan, familiei laguntzeko politika jakin baten xedeak desberdinak izan daitezke eta, hala, tradiziozko familiei lehentasuna emateko ereduak, lanaren tradiziozko banaketa babesteko ereduak edo jaiotza-tasa sustatzeko ereduak daude; beste ikuspegi batzuek lana eta familia hobeto batzeko denbora bilatu nahi badute ere edo gizonak etxeko lanetan gehiago txertatu nahi badituzte ere edo familia ahulenei edo berriki sortu direnei babes berezia eman nahi badiete ere.
Hori bereziki garrantzitsua da. Izan ere, lehen aipatu moduan eta aurrerago adieraziko dugun moduan, familia aldaketei eta etengabeko bilakaerari lotuta dagoen gizarte-antolamendu eredu bat da. Beraz, arlo horretako jarduera publiko jakin bat baliagarriagoa izango da familia batzuentzat beste batzuentzat baino, are gehiago egun familien premiak agortzen ez direnean haurrak heztean. Horregatik, beste egoera batzuei erantzuna eman behar die, adibidez, mendetasunari, ezgaitasunari edo zaurkortasunari.